XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kostaldeko Berri

ANTXUARIK EZ HARTZEN AHALKO?

Donibane Lohizunen, Ziburun eta Hendaian, bainan ere hegoaldeko portuetan, arrangura handia sortu da antxuaren gainetik.

Alabainan, solasa hedatu da Europa-mailean laster hartzen ahal luketela erabaki bat guziz zorrotza, helduden urte hortan guzian arrantzaleek ez antxuarik hartzen ahalko gure itsas-alde hortan! Edo bestenaz biziki guti...

Zendako bada hori? Antxua azkarki xuhurtua dela eta azken bi urte hortan ez dela batere behar bezala berritu.

Ondorioz, behar zaiola preseski berritzeko denbora poxi bat utzi eta beraz urteño bat segurik egon antxuarik portuetarat ekarri gabe.

Batzu ez dira hanbat harritzen gauzak gisa hortarat itzulikaturik.

Diote aise sobera arrain hartu dela, nola nahika, ttipi eta handi, azken bospasei urte horietan, geroaz biziki orroitu gabe, eta orai ezazolkeria horren ondorioak norbaitek behar dituela pekatu.

Beste ainitzen ikusmoldea, arrantzale frango xahu izanen direla ez bazaiote batere uzten antxua arrantzan hein batean segitzeko molderik eta Europa-mailean aipu den erabaki hori ezin jasana izanen dela.

Dena den, helduden aste hortan, hain segur abendoaren 16-an, zerbait gehiago jakinen omen da Europa kudeatzen dutenen ganik...

EMAZTEEN ARRANGURAK

Arrantzaren mundu hortan egonen gira erraiteko asteburu huntan Ziburun biltzen direla arrantzaleen emazte asko.

Euskal-Herriko portu gehienetarik bainan ere Frantzia behere hortarik, Espainiatik, Alemaniatik eta beste herrialde zenbaitetarik.

Elgarrekin aipatzeko arrantzale familietan geroari buruz diren arrangurak.

Ondotik, gisa hartako galdeak ere egiteko gobernueri, bai-eta Europa-mailean, arrantzaren kudeantza gero-eta gehiago Europa-mailean egiten-eta..

NORENAK OTE MARGO HORIEK?

Haizabea da Hendaiako etxe ederrenetarik batto.

Etxe hortako puska batzu, gehienak balio handikoak, inkantean saltzekoak dituzte aste huntan.

Besteak beste hiru margo biziki ederrak.

Bainan eztabadaño bat sortua da margo horien gainetik.

Saltzaleek diote Ramiro Arrue zenarenak direla.

Ramiro Arrue artixta gaitza izan da bere denboran.

Sortzez bizkaitarra, luzaz Donibane Lohizunen egona.

Artixta horren ilobak eta beste zenbait lagunek ere diote aldiz ez dela segurtamenekin erraiten ahal Ramiro Arrue-k eginak dituela margo horiek.

Halako duda bat badute gutienetik... Ikusi behar duda horren gatik merkeago salduko ote diren.

HAMABOST MINIXTRO MIARRITZEN

Europa batuko hamabost gobernuetan diren laborantzaren minixtroak artetan elgarretaratzen dira hartaz eta huntaz mintzatzeko bizpahiru egunez segidan.

Helduden urteko bilkura Miarritzen eginen dute.

Tokia aski aintzinerat arrastatua dute, delako bilkura helduden irailean egin behar-eta...